Winamp Logo
Barruan gaude Cover
Barruan gaude Profile

Barruan gaude

Basque, Social, 1 season, 80 episodes, 2 days, 19 hours, 54 minutes
About
Elkarrizketa podcasta, baina, ez edonolakoa. Astero astero Oier Aranzabalek pertsonaia baten etxera sartuko gaitu, berarekin solasean jardun eta istorio berriak kontatzeko. Sortzaileak, musikariak, aurkezleak eta zerbait interesgarria esateko daukan oro.
Episode Artwork

#79.- Kaki Arkarazo, musikaren alkimista da

Bi etxe ditu Kaki Arkarazok. Usurbilen, familiarekin bizi dena, eta Garate estudioa. Musikarekin ezkonduta bizi da betidanik. Gurasoen etxeko sukaldean aulkiei buelta eman eta bateria jotzen zuenetik, M-ak, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetan jotzen zuenera arte. Eta orain ere bai, Garate estudioetako nagusia baita. Hamaika diskoren ekoizpena egin du, tartean, mundu mailan oso ezagunak diren bandak. Guri bi etxeetako ateak zabaldu dizkigu.
11/16/20231 hour, 16 minutes, 36 seconds
Episode Artwork

#78.- Estitxu Fernandez, amatasuna politika da

Fokoen azpian egotera ohitua dago Estitxu Fernandez. Aurkezle izan delako eta bertsolari ere bai. Baina azken boladan amatasuna izan du ardatza. Amatasuna politikoki jantzia. Eta, Psikologoa izaki, hainbat liburu kaleratu ditu gaiaren inguruan. Zaintzaz eta bortxa obstetrikoaz besteak beste. Donostiako bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
11/9/202352 minutes, 3 seconds
Episode Artwork

#77.- Maider Estensoro, bizitzari begietara begira

Minbizia topatu zioten bularrean Maider Estensorori. Eta ondoren metastasia. Bizitza aldatu zitzaion eta lehentasunen piramidea irauli. Ez zaigu gaixotasunen inguruan hitz egitea gustatzen. Heriotza ere tabua da. Baina heriotzaz hitz egitea bizitzari aurpegira begiratzea da. Konsziente izatea, eta gauzei dagokien garrantzia ematea da, funtsean. Barruan Gauderen atal honetan bizitzari begiratuko diogu aurpegira. Irribarrea galdu gabe. Kafe baten bueltan, Estensororen etxeko egongelako mahaian.
11/2/202343 minutes, 35 seconds
Episode Artwork

#76.- Eugenio Ibarzabal, entzutea maite du

Ardantza lehendakariaren gobernuan bozeramale izan zen. Baina politika uzten jakin zuen lau urteren buruan. Ekonomista da, eta kazetaria, eta idazlea. Euskal Herriko izen handi asko elkarrizketatu zituen gazte gazterik. Koldo Mitxelena eta Lezo Urreztieta, besteak beste. 2021ean "Los Sota: Esplendor y Venganza" liburuaren bidez gerra aurreko Bilbon murgilu zen, Ramon Sota Llanoren itzal handiari segiz. Elkarrizketa gustatzen zaio. Entzutea gustatzen zaio. Kuriositatea delako bizitza beraren oinarria, bere hitzetan. Etxeko ateak zabaldu dizkigu. ULU Mediak ekoizten du Barruan Gaude.
10/26/202340 minutes, 10 seconds
Episode Artwork

#75.- Pello Rubio, Txillarre baserriko anfitrioia

Atal honetan sartuko garen etxeko katuak denetarik entzun du. Entzun ditu Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren eztabaidan. Entzun ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero, Pernando Barrena, Eduardo Madina, Frantxoa Maitia eta Larralde. Etxe hontako mahaian jarri zen Euskal Herriko azken bake prozesuko lehen harria. Eta, hein handi batean Pello Rubio anfitrioiari zor zaio hau. Industria, nekazaritzagatik aldatu zuen, eta ordutik hemen bizi da, bakean. Elgoibarko mendi magal batean dago Txillarre baserria. Rubiok zabaldu dizkigu bertako sukaldeko ateak.  Barruan Gaude, ULU Mediak ekoizten du EITB Podkastentzat. 
10/19/202340 minutes, 46 seconds
Episode Artwork

#74.- Dibina Lanberri, angula arrantzan 83 urte arte

Oria ibaian, itsasoan eta "putzuan" sentitu izan da aske beti. Gerra betean jaio zen, nahiz eta ez akordatu ezertaz. Etxean ere ezer gutxi kontatu zioten. Frankismoa baina bertatik bertara bizi izan zuen Orion. Eskolan euskara debekatu zioten eta 12 urterekin alde egin zuen gehiago ez itzultzeko. Ordutik ibaiak eta itsasoak emandakotik bizi izan da. Orain eskabetxera, gero arrantzan edo angulatan eta azkenik arraindegia zabalduz Usurbilen. Bizitza oso bat du kontatzeko eta bere etxeko ateak parez pare zabaldu dizkigu.
7/6/202341 minutes, 11 seconds
Episode Artwork

#73.- Blanca Urgell, hizkuntzaren mapan zehar

Hizkuntzak maite ditu, euskara maite du. Euskal Filologian doktorea da eta EHUko irakaslea. Hitzen pistei segiz, euskararen galderaikurrei erreparatzen die. Akademiatik politikarako saltoa ere eman zuen, Patxi Lopezen gobernuko Kultura Sailburu izan zenean, eta urte zailak bizi izan zituen lehen lerro politikoan. Gasteizen jaioa izaki kalekumea bada ere, Otazu herrira mugitu zen duela urte batzuk. Gustura bizi da herrian. Harrera egin digu etxean bere bi txakurrek lagunduta.
6/29/202345 minutes, 56 seconds
Episode Artwork

#72.- Aitziber Garmendia, zinema batean bizi da

Aktore moduan lanean hasi zenetik hona, mundua asko aldatu da. Oholtza gainera lehenengoz bertsotan egitera igo zen, eta gero txaloek sorginduta antzerkian murgildu zen buru belarri. Zineman, telesailetan eta telebistan jardun izan da, erreferente bihurtzeraino.Suizidioa gertutik ezagutu zuen gazte gazterik, eta buru osasunaren inguruan askotan hitz egin izan du. Garibai kalean, lehen Novedades zinema zegoen lekuan bizi da eta etxeko ateak zabaldu dizkigu.
6/22/202349 minutes, 12 seconds
Episode Artwork

#71.- Hasier Larretxea, urrundu gehiago hurbiltzeko

Aizkolari, harrijasotzaile eta txingalari leinu batean jaio zen Arraiozen. Bere haurtzaroko soinuak basoaren soinuak dira; orbelak zapaltzerakoan ateratzen duena, aizkorak egurraren aurka ateratzen duena. Herria txiki egin zitzaion eta bere istorioa idazteko Madrilera egin zuen alde. Bere iraganarekin hautsi zuen, urrundu egin zen, gehiago hurbiltzeko gero. Malasañan bizi da, eta bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
6/15/202348 minutes, 38 seconds
Episode Artwork

#70.- Antton Telleria, hatu anasa

Tolosan bizi da 70. Etxea zabalduko digun pertsona. Bateria-jolea da, solaskide bikaina, irrati esataria eta telebistako aurkezlea. Baina, azken boladan, umoregile gisa nabarmendu da oholtza gainean. Euskaraz Stand up bira bat egin du, "Nekatutak" izenekoa eta Euskal Herriko txoko askotan ibili da umore zorrotza banatzen. Enekoach, bere alter egoak zabaldu dizkigu etxeko ateak Barruan Gauderen 5. denboraldia abiatzeko.
6/8/202359 minutes, 4 seconds
Episode Artwork

#69.- June Fernandez, araua hautsi, bizi

Erraria izan da June Fernández. Etxea soinean daramaten horietakoa. Nola Getxon, Mungian edo Managuan. El Paisen hasi zen lanean eta gerora Pikara Magazine sortu zuen. Hedabide askotan kolaboratu izan du, hala nola Argian, edo El Salton. Bere ofizioa militantzia feministak zipriztindu du beti. Orain Larrabetzun bizi da eta etxeko ateak zabaldu dikigu.
12/15/20221 hour, 3 minutes, 35 seconds
Episode Artwork

#68.- Igor Elortza, nitasunetik kantuan

Bertsolari Txapelketa Nagusia zalegotik bizi du 14 urte zituenetik lehenengoz Igor Elortzak. Baina ez dio utzi bertsotan aritzeari. Orain nitasunetik jarri dizkio bertsoak ziurtasun urri eskaintzen dituen aro honi. Eta baita iraganari ere. Hazten ikusi zuen Durangoko langile auzo berean bizi da. Eta ezkaratzean itxaron gaitu etxeko ateak zabaltzeko.
12/8/202248 minutes, 14 seconds
Episode Artwork

#67.- Felix Zubia, osasunaz hamarreko handian

Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitateko zerbitzu burua da. Pandemiari hortzetara begiratu dion medikuetako bat. Dibulgatzaile lanak egin izan ditu, besteak beste, Euskadi Irratian eta jakintza, kultura den heinean, partekatu egin behar dela aldarrikatzen du. Bertsolaria ere bada bokazioz eta puntuz puntu aletu dugu elkarrizketa, bere etxean, hamarreko handian.
12/1/20221 hour, 4 minutes, 38 seconds
Episode Artwork

#66.- Nuria Lopez de Guereñu, altu hegan egin du

Etxera sartu orduko ehizeko txakurrak egin digu ongietorria. Eta anfitrioia eibartarra dela salatu digu. Enpresa munduan nabarmendu da Nuria Lopez de Guereñu. 2005ean Ibarretxek Garraio eta Herri Lan Sailburu izateko deitu zuen eta gerora Confebask-eko Idazkari Nagusia izan zen, besteak beste. Txikitan hegazkin pilotoa izan nahi zuen, eta azkenean izan ez bada ere, oso altu egin du hegan. Kristalezko sabaia hausteraino. Zumaiako etxean hartu gaitu.
11/24/202245 minutes, 51 seconds
Episode Artwork

65.- Jon Maya, tradizioa abiapuntua da

Bizitza bidegurutzeak dira. Bide zidorrak eta bide luzeak batzutan. Erabakiak funtsean. Jon Mayak futbolaren eta dantzaren artean dantza aukeratu zuen. Egunkariaren itxieraren ostean Kazetaria da ikasketaz, Berriaren erredakzioa utzi eta Kukai dantza taldea sortu zuen mende hasieran. Euskal dantza tradizionala abiapuntua izan da berarentzat, dantza garaikidea sortzeko. Eta nazioartean errekonozimendu eta sari asko jaso ditu. Oreretako bere etxeko atea zabaldu digu.
11/17/202251 minutes, 4 seconds
Episode Artwork

#64.- Gosaria Josu Erguinenean

Saiatzea, ekitea eta egitea. Eta askotan asmatzea. Denetarik egin du atal honetako anfitrioiak. Beasaingo industriak eraman zuen mundura, eta munduak ekarri espektakuluaren industriara. 1977an Kilomentroak ekimena sortu zuen bere sorterriko lizeoa bultzatzeko. 80ko hamarkadan ETBren sorreran parte hartu zuen eta ordutik ekoizle lanak egin ditu. Disney multinazionalarentzat lan egin zuen eta bera izan zen Karlos Argiñanori telebista programa bat egitea ideia ona izango zela esan ziona. Gainontzekoa historia da. Adina baduen arren ez da jubilatu eta laneguna hasi aurretik, gosaltzera gonbidatu gaitu bere etxera. 
11/10/202239 minutes, 51 seconds
Episode Artwork

#63.- Patxi Huarte, irudimena ogibide

Misteriotsua da haurtzaroan dugun irudimena nola doan itzaltzen, nola husten zaigun buru pribilegiatua, bizitzaz betetzen zaigun heinean. Barruan Gauderen  atal honetako anfitrioiak irudimena mantentzen asmatu du, eta baita ogibide bihurtu ere. Berriako biñeta egiten du egunero. Satira, iritzia eta poesia. Denetarik. Patxi Huarte Zaldieroak, Iruñeko bere etxea zabaldu digu.
11/3/202241 minutes, 46 seconds
Episode Artwork

#62.- Asisko Urmeneta, jokerra du sakelean

Iruñeko Urmenetatar leinukoa, anai-arrebetan bosgarrena eta marrazkilari umoretsua da Asisko Urmeneta. Aitaren semea baino, amatxiren biloba da gehiago eta pozik oroitzen du baztan bailaran igaro haurtzaroa. Historia, irabazleek idazten dutela esaten da, aitzitik, Urmenetak historia marrazten du, baztertuen eta zokoratuena. Hoztan du etxea eta bertan hartu gaitu, hemen ohitura dugun legez.
10/27/202250 minutes, 35 seconds
Episode Artwork

#61.- Maria Elorza, liburuak hil dezake

Etxe batek asko esan lezake bertan bizi den presonaren inguruan. Eta baita liburutegi batek ere. Asko daki Barruan gauderen  61. ataleko anfitrioiak hontaz. Maria Elorza zinemagilea da eta elkarrizketa egin dugun momentuan estrenatu du bere opera prima: "A los libros y a las mujeres canto". Egongela argitsu batean du lanerako mahaia eta bertan jarri ditugu mikrofonoak.
10/20/202241 minutes, 32 seconds
Episode Artwork

#60.- Jon Benito, enpatearekin konformatzen da

Jon Benito Historian lizentziaduna da. Baina idazle gisa nabarmendu zen gazte gaztetatik. Dagoeneko bi poemario eta narrazio liburu bat kaleratu ditu. Azkena, elkarrizketa hau egin diogun urtean bertan: Farmazia Beltzaren eskutik, Lagun minak. Sentsibilitate oso handikoa da bere poesia, intimoa politiko eta politikoa intimo agertzen duena. Giza galbideak arakatzen dituena modu gordinean. Eta baita gutzen gaituzten izpiak. Oinez egin dugu bere etxerako bidea Barruan gaude podcastaren laugarren denboraldia hasteko.
10/13/202255 minutes, 38 seconds
Episode Artwork

#59.- Ander Izagirre, distantzia jakinminaz neurtzen du

Euskal kronista, kazetari eta bidaiari nabarmenetako bat da Ander Izagirre. Munduko bazter urrunetan egon da istorio bila: Australian, Patagonian, Ukrainan eta gure herrian bertan. Distantzia ezinbestekoa da istorio bat ondo kontatzeko, baina, bere hitzetan distantzia hori ez da kilometrotan neurtzen, harriduraz edo jakinminaz baino. Kapuscinski saria jaso berri du "Potosí" liburuagatik eta bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
6/23/202236 minutes, 22 seconds
Episode Artwork

#58 .- Maddalen Marzol, lurrin eta esentzien bila

Hunky Dory Laboratory lurrin denda sortu zuen 2015ean Eva Chartonekin batera, eta ordutik usain eta esentzien artean egin izan du lan. Lurrinak oroitzapenak dira. Bapatean iraganeko une batera eramaten gaituztenak, denboraren makinak nola. Lurrinak maite ditugun pertsonak dira. Lekuak. Amodio eta desamodioak. Lurrina sedukziorako tresna izan liteke, edo kamuflajea. Usaimenaren mundura murgilduko gara atal honetan Maddalen Marzolen eskutik. Bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.
6/16/202241 minutes, 58 seconds
Episode Artwork

#57.- Roberto Sánchez, palindromo egilea eta anestesista

Osakidetzako lan deialdietan iruzurra salatu zuen bi lankiderekin batera. Eta ordutik egunerokoa zailagoa egin zaio Roberto Sánchez anestesistari. Orain, bere aurkako jazarpena salatuta Osakidetza utzi berri duenean, Gasteizen kokatuta dagoen bere etxeko ateak zabaldu dizkigu. Palindromoak ditu itsatsita paretetan, ateetan eta leiho ertzetan eta hizkuntzarekin jolastea maite du. Dena dela, Roberto Sánchez ez da berdin irakurtzen alde bateko zein besteko. Dibertigarria da, baina, serio hartzen du bere ofizioa. Eta agian horregatik egin du egin duena. Sar gaitezen bere etxeko sukalderaino.
6/9/202238 minutes, 52 seconds
Episode Artwork

#56.- Juan Luis Etxeberria, hamaika izendun bardoa

Esango banizu Giorgio Bassmatti elkarrizketatu dugula, hamarkadak abestiak egiten eta kontzertuak eskaintzen ibili den musikari donostiarra, ez litzateke gezurra izango. Esango banizu Pozik ezizena duen pop ikonoa dela, edo Mursegoren "Eusnob" abestian agertzen dela, orduan ere ez nintzateke oker ibiliko. Juan Luis Etxeberriak bere Donostiako etxeko ateak zabaldu dizkigu. Eta seriotasunaren barniza kenduta ibili gara solasean. Sartu nahi?
6/2/202239 minutes, 4 seconds
Episode Artwork

#55.- Ane Irazabal, kontatzea ez da laguntzea

EiTBren korrespontsala da Berlinen eta Kiev hirian zegoen Errusiak Ukraina eraso zuenean. Haurdunaldia zela medio herrialdetik alde egitea erabaki zuen, kontraesan artean. Cairon, Palestinan, Italian eta beste hainbat lekutan izan da informatzen. Eta etorkizunean ere albistea dagoen lekuan izango da. 'Awlad' dokumentala egin zuen 2019an Cosimo Caridi bikote eta lankidearekin batera, munduko txoko ezberdinetan bizi diren haur errefuxiatuen bizitza jasotzen duen pelikula. Udaberria da Berlinen etxeko ateak zabaldu dizkigunean. Kapituluan Mikel Elgezabal eta Paulina Miuk interpretatutako 'Zelenaya Vyshnya' abestia sartu dugu. Guernicaplatz-en zuzenean grabatua.
5/26/202241 minutes, 39 seconds
Episode Artwork

#54.- Mikel Lizarralde, bizitzarekin aurrez aurre topo egiten duzunean

2018ko otsailaren 3an, San Blas egunez, mendian korrika zebilela, bikoitza ikusten hasi zen Mikel Lizarralde Asurmendi. Geroago diagnostikatu zioten Esklerosi Anizkoitzaren lehen zantzuak ziren haiek. Kolpeak kolpe, gaitz honen inguruan kontzientziatzeko kirol probetan parte hartzen hasi zen. Besteak beste, Zegama Aizkorri proban edo Getaria-Zarautz itsas trabesian parte hartuz. Orain beste talaia batetik hitz egiten du. Bizitzarekin aurrez aurre topo egin balu bezala. Eibarko bere etxeko ateak zabaldu dizkigu, sartu nahi?
5/19/202238 minutes, 45 seconds
Episode Artwork

#53.- Jon Maia, hona ekarri gaituen harian

Kantu bat garela dio Jon Maiak. Zarata, doinu eta distortsio ororen azpian badela honaino ekarri gaituen partitura bat. Eta bertan idatzi ditugun ahalpaldietan uler dezakegula nor garen. 90eko hamarkadako euskal musikaren lerro ederrenetarikoak idatzi ditu Maiak. Negu Gorriak, Anari, Gari, Gozategi edo Mikel Urdangarinek jarri diote musika bere abestiei. Eta jada herriarenak dira. Gure imaginarioaren zati. Bertsolari txapelketa utziko duela iragarri aurretik hartu gaitu bere Zumaiako etxeko sukaldean.
5/12/202254 minutes, 41 seconds
Episode Artwork

#52.- New Yorketik informatzen, Amaia Uribe

Roosvelt Island Manhattan eta Queens artean dagoen uharte estu bat da. Garai batean Welfare island edo Blackwell Island bezala ezagutzen zena. Asko aldatu da ordutik baina. Baztanga zuten gaixoentzako ospitalea zegoen bertan, eta orain, zeharo gentrificatu da. Eskola, baseball zelaia eta trafikorik gabeko auzo batek osatzen dute irla. Bertan bizi da AEBtako EiTBko korrespontsala den Amaia Uribe. Bertsolaria, kazetaria eta ama, bertatik bertara ari da munduko aldaketen berri ematen. New York pandemiak nola aldatu zuen kontatu eta Trumpismoa ulertzeko gakoak  eman zizkigun mikrofonoa eskuan. Orain, bere etxeko ateak zabaldu dizkigu eta guk jarri diogu mikrofonoa egongelako mahaian. 
5/5/202248 minutes, 51 seconds
Episode Artwork

#51.- Elizabeth Macklin, mende erdia hasperen batean

Gauzak askotan serendipia hutsez gertatzen dira. Poughkeepsien jaiotzea esaterako. Edo New Yorkerreko erredakzioan lan egitea, oraindik paperezko aldizkariak irakurtzen zirenean. Tira, edo Madrilera gaztelania ikastera joan eta euskaraz maitemintzea, Elizabeth Macklini gertatu zitzaion bezalaxe. Zazpigarrena eta hamalaugarrena gurutzatzen diren bidegurutzean bizi da New Yorkeko poeta eta itzultzailea eta bere etxeko ateak zabaldu dizkigu. Sartu nahi?
4/28/202233 minutes, 5 seconds
Episode Artwork

#50.- Kirmen Uribe, liburuz egindako eraikinetan

Munduko txatalez osatua dagoen puzzle deszifraezina da New York. Migrariek eraiki zituzten zerua urratzen duten etxeorratzak eta sortu zuten gerora munduan hain ezaguna egin den iruditeria. Etorkinek idatzi dute hiriaren historia eta 2018tik gaurdaino, Kirmen Uribe euskal idazlea ere nortasun, hizkuntza eta kultura mosaiko honen zati bihurtu da. Central park-en albo batera, mendebaldean, bizi da idazlea Phillip Roth bizi zen eskaratzaren hurrengo zenbakian.  New Yorkeko liburutegi publikoaren beka medio iritsi zen hiri handira eta laugarren urtea du bertan. Manhattan elkarrekin gurutzatu eta eta etxeko atea zabaldu digu.
4/22/202251 minutes, 1 second
Episode Artwork

#49.- Gari Garaialde, leiho txikitik begira

Txikitatik liluratu zuen argazki kamerako leiho txikiak. Familiako etxean bakarra zuten, eta ahal zuen guztietan sartzen zuen begia txulotik. Baina ez zuen argazkilari izateko gogo berezirik. Horretara Sorotan Bele taldeak eraman zuen, furgoneta zuria gidatzen kontzertuz kontzertu ibiltzen baitzen Gari Garaialde Hondarribiako taldea garraiatzen. Kontzertu bateko argazkiekin egin zuen bere lehen argitalpena Argia astekarian. Orain Bostok Photo taldeko kidea da eta argazki kazetari lanetan urteak eman ditu. Orain Zinemaldian, orain manifa batean eta gero Anoetako estadioan. Bere etxeko ateak zabaldu dizkigu 2021eko azken atal hau egiteko.
12/23/202146 minutes, 32 seconds
Episode Artwork

#48.- DJ Makala, doinuen eta erritmoen arkeologoa

Itsasontzi bat dirudi Mikel Unzurrunzaga Schmitz-en etxeak. Sukaldera sartu eta bi leiho borobiletatik itsasoa ikus daiteke. Harro eta apartsu, negua iragartzera baletor bezala, haserre da gaurkoan. Olatuen orroa entzuten da uneoro bere kamarotetik.  DJ Makala melomanoa da, euskal Herriko disko jartzaile ezagunenetakoa. Munduko musikek eta batez ere musika beltzak txunditzen du. Eta azken bi urteetan 70. hamarkadako euskal rock progresivoa eta psikodelia ikertzen ibili da. Katebegiak disko liburua da lan horren emaitza.
12/16/202147 minutes, 56 seconds
Episode Artwork

#47.- Xabier Erkizia, gauean ikusten ikasi du

Soinu mota ezberdin bakoitzerako bere mikrofono berezia du maleta beltz batean Xabier Erkiziak. Eta Hala ibiltzen da orain sumendiak grabatzen, orain ur azpian eta gero idi gurdien hotsaren bila. Hain zuzen ere hots horren bueltan egin du 'O Gemer' film dokumentala, 2021eko Zinemaldian aurkeztu zuena. Bere etxea soinu laborategi bat da, gailu akustikoz betea. Irratiak, sintetizagailuak eta streaming-ari boikota egiteko erabiltzen duen Ipod "zahar" bat. Interferentzia artean, Topatu dugu lekua solaserako. Jantzi kaskoak eta adi!
12/9/20211 hour, 26 minutes, 18 seconds
Episode Artwork

#46.- Tytti Thusberg: ardiengatik etorri zen amodioagatik geratu

Gaurko protagonista finlandiarra da eta goi joskintza ikasi zuen. Moda diseinuan dabil buru belarri lanean eta slow fashion mugimenduaren lehen bultzatzaileetako bat izan zen. Material birziklatuak erabiltzen ditu bere artelanak egiteko eta antzerkirako zein operarako jantziak sortzen ditu, besteak beste. Ezaguna da Slowbag izeneko proiektua, zeinetan segurtasun uhalak saskigintzako txirikordatze teknikekin uztartuta poltsak egiten baititu. Atal honetan Tytti Thusberg moda diseinatzailearen etxean sartu gara. Jantzi kaskoak eta entzun!
12/2/202133 minutes, 6 seconds
Episode Artwork

#45.- Goizalde Landabaso, enbaxadore hodeiertzean

Bilbo hiriaren amaiera batean, ibaizabal estutzen hasten den lekuan bizi da Goizalde Landabaso. Kazetaria eta idazlea da eta hainbat liburu argitaratu ditu; hala nola, eleberria, poesia eta saiogintza. Urtero bi aldiz ospatzen du urtebetetzea eta 2007az geroztik Radio Euskadin lan egin du. Bera da erdal hedabide batean euskalgintzak izan lezakeen konplize onena. Zabaldu ditzagun bere etxeko ateak.
11/25/202145 minutes, 49 seconds
Episode Artwork

#44.- Miren Azkarate, makillajerik gabe

Titular asko atera genitzake hemerotekatik atal honetako anfitrioiaz. Gehienak Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramale izan zen garaikoak dira. Edo lehen emakume euskaltzain bihurtu zenekoa. Akademiatik politikara salto egiteko hautua egin zuen Ibarretxe lehendakariak deituta, eta bi legegintzaldi egin zituen ordezkari publiko gisa. Harro dago egindakoaz, nahiz eta, politikan bi legealdi bi hamarkada adina izan. Orain bere etxean hartu gaitu, bere bulegoan. Patxadaz hitz egiteko. Makillajearen beharrik gabe.
11/18/202143 minutes, 19 seconds
Episode Artwork

#43.- Joseba Irazokiren etxean bazkari bat

Mahaiaren bueltan dugu menua. Sardiñak oliotan eta oilaskoa labean patata erre eta piperrekin. Eta Rafael Berrioren omenezko ardo Beltza. "Ser autor de culto da para vino corriente", dio etiketak. Gaurko Barruan Gaude, kultuzko sortzaile batekin batera bazkaldu bitartean egingo dugu. Joseba Irazokiren Berako etxean sartuko ditugu mikrofonoak. Elkarrizketa egiten dugun unean 'III' diskoa kaleratu berri du, baina, bakarkako ibilbideaz gain hamaika musikariren alboan egin du lana. Oholtza txiki zein handietan. Estadioetan eta gaztetxeetan.
11/11/202149 minutes, 31 seconds
Episode Artwork

#42.- Nagore Legarreta, argiarekin magia egiten du

Nagore Legarretak poto, kutxa eta poxpolo kaxekin argazki kamerak eraikitzen ditu. Eta gero haien zulo nimiñoetatik argia harrapatu eta uneak izozten ditu. Emakume biluziak, Indiako merkatuak, hondartzetako siestak. Guztiak betikotuak. Hernaniko Portuan, lehendik bisitatu genuen etxe bateko atariaren parean dago artista honen bizitokia. Amonarena zen etxea eta orain bere egiteko prozesuan da. Mudantza oraindik amaitzeke, etxeko ateak zabaldu dizkigu eta sukaldeko mahaian jarri ditugu mikrofonoak.
11/3/202143 minutes, 22 seconds
Episode Artwork

#41.- Jabier Muguruza, poesiaren hauspoaz

Irungo Pilar kalean bizi da Jabier Muguruza, Alberdania argitaletxearen egoitzatik gertu. Akordeoiarekin birtuosoa eta hitzekin jostaria bera, adituek intimista bezala definitu dute bere bakarkako diskografia. Hamaika musikarirentzako jo du akordeoia, Delirium Tremens, Kortatu, Xabier Lete, Antton Valverde edo Imanol Larzabalentzat, besteak beste. Etxean maitatua, baina baita Katalunia aldean ere, ibilbide oparoa egin du musikaren zein literaturaren alorrean. Etxeko ateak zabaldu dizkigu, solasaldirako prest.
10/28/202151 minutes, 7 seconds
Episode Artwork

#40.- Hedoi Etxarte: Ekialdetik dator, gauetik dator

Idazlea eta itzultzailea, poeta eta pentsalaria. Liburu-dendaria eta editorea. Gauza asko da Hedoi Etxarte. Elkarrizketa egin dugun sasoian kaleratu du 'Sortaldekoak' (2021, Susa) liburu ederra. Bere azken bigarren poema liburua. Eta Iruñeko Donibane auzoko bere etxeko ateak zabaldu dizkigunean, berriz, asteazken goiza da, langileak beharrean daude eta mikak hegan. Sukaldeko mahaian egin dugu solasaldia.
10/21/20211 hour, 10 minutes, 45 seconds
Episode Artwork

#39.- Gorka Bereziartua, boligrafo gorriaz idazten du

Hogeita hemeretzigarren atalean ofiziokide batek zabaldu digu atea. Argia astekariko kazetaria da, kazetari zorrotza, kritikoa. Boligrafo gorria astintzen duen horietakoa. Ahoan bizarrik gabe hitz egiten duena. Euskal kultur kazetaritzako luma nabarmenetako bat ezbairik gabe. 'Ez gara neutralak' argitaratu zuen 2019an, Argia astekariaren 100 urteko ibilbidea eta kazetaritza jorratzen zuen liburu interesgarria. Normalean istorioen atzetik ibili ohi bada ere, atala grabatu dugun sasoian eszedentzian harrapatu dugu, aita izan baita berriki. Etxeko saloi argitsuan egin dugu elkarrizketa.
10/14/202148 minutes, 46 seconds
Episode Artwork

#38.- Bernardo Atxaga, behitasunaren apologia

Etxeko azken solairua oso osorik liburutegi egina du Bernardo Atxagak. Teilatua liburuok babesteko espresuki eraikia balego bezala. Apenas dago ezer liburuekin zer ikusirik ez duenik. Butaka bat, mahai txiki bat eta lanpara, irakurtzeko oinarrizkoak den argia emango diona. Solairu bat beherago, bere bulegoan, jarri ditugu mikrofonoak eta hitz egin dugu laguntasunaz, auzoaz eta iluntasunaz, besteak beste. Atxagaren Zalduondoko etxean sartu gara.
10/7/20211 hour, 7 minutes, 56 seconds
Episode Artwork

#37.- Maria Jauregi Lasa, memoria txatalak elkartzen

Duela 21 urte ETAk tiroz erail zuen Maria Jauregiren aita Juan Mari Jauregi, Gipuzkoako Gobernadore Zibil ohia. Bizitza zeharkatu zion hilketa hark eta Maixabel Lasa amarekin batera ahots propioz hitz egin izan du biktimen kolektiboan. 2018an eskaini zuen bere lehenengo elkarrizketa eta ordutik erreferentzia bihurtu da elkarbizitzari eta memoriari dagokionean. Bilboko etxeko ateak zabaldu dizkigu.
7/22/202142 minutes, 47 seconds
Episode Artwork

#36.- Gaizka Insunza, abesti bilatzailea

Gernikako juntetxetik oso gertu bizi da Gaizka Insunza, Audience taldeko abestigile eta musikaria. Melomano hutsa da eta etxera sartu orduko senti daiteke musikarekiko duen pasioa. Bi piano ditu: bata zaharra eta desafinatua, bestea berriz abestiak egiteko erabili ohi duena, fina eta doinu ederrekoa.  Gitarrak, teklatuak, eta diskoak. Disko mordoa paretetako apalategietan. Etxeko ateak zabaldu dizkigu eta hona hemen emaitza.
7/15/20211 hour, 15 minutes, 48 seconds
Episode Artwork

#35.- Maite Larburu, musikarekin irakurtzen du iragana.

Hamasei urtez Holandan bizi ostean, Hernanira porturatu da Maite Larburu. Portua auzora hain zuzen ere, amona bizi zen etxera. Musika barrokoa ikasi du Amsterdamen eta Europako hamaika orkestrarekin jo izan du biolina. Antzinako musika ikertzen duen ororen lana da XVII. Mendean musika nola jotzen, ulertzen eta entzuten zen asmatzen saiatzea. Ia obsesio bihurtzeraino. Animalien tripekin egindako biolinaren kordak erabiliz, doinuera edo testura sonoro jakin baten bila. Edo Mamutaren letaginekin arku dantzarinaren akaberak egitea, esaterako.
7/8/20211 hour, 16 minutes, 56 seconds
Episode Artwork

#34.- Iñaki Peña, bizitza edo azkenengo bidaia

Egunero begiratzen dio heriotzari begietara Iñaki Peñak. Medikua da Arrasateko Ospitalean eta zaintza aringarrietan egiten du lana. Paliatibista ere esaten zaio. Bere ofizioaz aparte hiru dokumental zuzendu ditu heriotza ardatz dutenak; hurrenez hurren, 'Aulki Hutsak'. 'Saminetik bakera' eta 'Mendian hil, hirian hil'. Argi du bere ofizioa ez dela sendatzea, edo ez hori bakarrik. Bidelagun izatea dela hein batean, laguntzaile bizitza den azkenengo bidaia honetan.    
7/1/20211 hour, 2 minutes, 20 seconds
Episode Artwork

#33.- Jakoba Errekondo, lurrari eman eta lurretik hartu

Agronomoa eta paisajista da Jakoba Errekondo. Ezaguna egingo zaizu idatzi dituen landareen inguruko liburuengatik, edo akaso Euskadi Irratian 1985etik egiten duen kontsultategia medio. Oriotik Usurbilera doan errepidea eskuinetara utzi eta sagarrondo sailak igarota, Urkamendi bidearen amaieran dago Jagoba Errekondoren baserria. 20 urte baino gehiago darama bertako lurrei eman eta bertako lurretik hartzen. Etxeko ateak zabaldu dizkigu.
6/24/20211 hour, 6 minutes, 36 seconds
Episode Artwork

#32.- Jose Ramon Etxebarria, denborari denbora

Pentsatzea burua nekatzea da Jose Ramon Etxebarriarentzat (Gernika, 1948). Astia behar da pentsatzeko, kontzeptuak ulertzeko eta ikasteko. Arrapaladan bizi garen garaiotan patxadaren aldarria egiten die bere ikasleei. Ingeniaritza ikasi zuen, doktorea da fisikan eta euskara teknikoaren garatzaile eta bultzatzaile garrantzitsuenetako bat izan da. Irakasle gisa nabarmendu den arren, Eusko Legebiltzarreko Herri Batasunako parlamentari izan zen lehen legegintzaldian eta 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Eusko Ikaskuntzak 2020an Manuel Lekuona Saria eman zion. Santutxuko bere etxeko ateak
6/17/202157 minutes, 5 seconds
Episode Artwork

#31.-Ana Arsuagaren pintzela, Verde Pratoren ahotsa

Ana Arsuagak arte ederrak ikastea erabaki zuen bere institutuko orientatzailearen aholkua jarraitu gabe eta Bilbon igaro du azken hamarkada. Arte plastikoak lantzeaz gain musika ere izan du bizibide, Serpiente eta Mazmorra proiektuetan lehenik eta Verde Prato bezala orain. "Kondaira eder hura" diskoa plazaratu berri du eta orain hasiko da zuzeneko kontzertuak eskaintzen.Mudantza amaitu berritan, oraindik egongela kutxaz betea duela, zabaldu dizkigu bere Tolosako etxeko ateak.
6/11/202151 minutes, 24 seconds
Episode Artwork

#30.- Xabier Peritz Mendizabal, Euzkitze baserrikoa

Bertsoa etxeko sukaldean entzun zuen lehenengoz Xabier Euzkitzek. Aitaren eta amaren arteko zirtoak eta Gloria Fuertesek espainiar telebistan egiten zituen hitz joko eta errimak oso ondo oroitzen ditu azkoitiarrak. Oso bizkor iritsi zen plazetan handienekin abestera, eta agian bizkorregi utzi zuen oholtza, arrazoi politikoak medio. Telebistan karrera oparoa egin du aurkezle gisa 80ko hamarkada amaieratik gaurdaino, aitzitik, ez dio inoiz uko egin bertsolariaren tituluari. Zarauzko bere etxean sartu ditugu mikrofonoak.
6/3/202157 minutes, 54 seconds
Episode Artwork

#29.- Maite Artola, ahotsa bide eginaz

Gaurko anfitrioiaren ahotsa ezaguna egingo zaizu entzule, besteak beste, Afganistango gerra kontatu zuelako Kandahar hiritik, Bigarren Intifada Palestinatik edo Obamaren garaipena Chicagotik. Euskadi Irratiko goizetako ahotsa da Maite Artolarena, Mezularian lehenik, Faktorian gero eta Goizak Gaur albistegietan orain. Artolaren etxera sartuko gara Ibarrak eta Tolosak elkar besarkatzen duten mugan. Eta bere ahotsa bide bihurtuko dugu azken hamarkadetako istorioetan barneratzeko. Bazatoz? Jantzi kaskoak eta adi!
5/27/202156 minutes, 39 seconds
Episode Artwork

#28.-Isabel Cadenas Cañon, isiltasunaren arrakaletatik

Madrilgo Lavapies auzoan bizi da Isabel Cadenas Cañón basauritarra. Isiltasunaren arrakaletan arakatzen ibili da azken urteotan eta horren emaitza da ‘De eso no se habla’ podcast ederra. Audiogintza du ogibide eta Euskadi Irratian, Deutsche Welle irrati alemaniarrean eta Radio Ambulanten kolaboratu du, besteak beste. ‘Poética de la ausencia’ saioaz gain, bi poema liburu argitaratu ditu; ‘Irse’ eta ‘También eso era el verano’. Doktorea da Ikasketa Kulturaletan eta Historia Kulturala irakasten du New York University-n, baina, akademiatik ihesean dabil azken boladan. Etxeko ateak zabaldu dizkigu.
5/20/202158 minutes, 9 seconds
Episode Artwork

#27.- Aitor Merino, Espainiaren erdigune geografikoan bizi da

Badira 30 urte inguru Aitor Merino aktore eta zinemagilea Madrilen bizi dela. Ez edonon gainera, Espainiaren erdigune geografikotik 100 metrora du bere habia. ‘Asier eta Biok’ pelikularekin espainiarrei Euskal Herria azaltzen saiatu zen eta orain ‘Fantasia’ amaitu du, bere familiaren barrunbeak erakutsiko dituen dokumentala. Komeni zaionean donostiarra da, nahi duenean iruñarra eta aitortzen du madrildarra ere badela. “Madril oso handia da, Madril asko daude hiriaren barruan”, dio. Guk berea ezagutuko dugu.
5/12/202156 minutes, 53 seconds
Episode Artwork

#26.- Iban Urizar ‘Amorante’, folklorea eta autotunea besarkatuz

Hamaika proiektutan entzun dugu Iban Urizarren tronpetaren hotsa. Musikaria da, musika irakaslea eta, batez ere, aita. Eta ‘Amorante’ gisa sinatzen du bere bakarkako proiektuan, Rodrigo Amarante eta Enrique Morente musikarien nahasketatik sortutako ezizena, bere filiak argiki salatzen dituena. Pandemiak Elgoibar gorriz margotu duen egun batean egin dugu hitzordua musikariaren gotorlekuan.   Jantzi kaskoak eta adi! 
5/7/202154 minutes, 4 seconds
Episode Artwork

#25.- Juan G. Andres eta Barruan Gaude-ren ahizpa bikia

Martxan da berriz ere Barruan Gaude podcasta. Berritasunekin gatoz gainera, izan ere, EiTB Podkast plataforman ekoitziko ditugu gure atalak hemendik Aurrera. Eta hori gutxi balitz Barruan Gaude-k gazteleraz egingo den ahizpa bikia izango du: Estamos Dentro. Berau gidatuko duen Juan G. Andres kazetariaren etxean sartu gara denboraldi berria hasteko asmotan. Erredakzioak mehar-mehar, erdi hutsik, dauden garaiotan kazetaritza ogibide duin bihurtzeko abilezia du Andresek. Hainbat hedabidetan idatzi izan du eta Zinemaldian lanean aritzeaz gainera audiogintzan ere sartu da buru belarri. Jarri kaskoak eta entzun!  
4/12/202132 minutes, 30 seconds
Episode Artwork

#24.- Joxe Mari Agirretxe: Irriaren militantea

Joxe Mari Agirretxek (Lasarte-Oria, 1964) pailazogintzari eman dio bizitza osoa. Ezagunagoa egingo zaizu agian bere pailazo izengoitia: Porrotx. Aitarekin boxeoa ikusten zuen Urtain-en garaian, eta Xabier Arzalluzen mitinetara laguntzen zion baita. Gazterik, Jarrai-n sartu eta Herri Batasuneko zinegotzia izan zen Lasarte-Orian. Garaiotan hasi zuen baita bere pailazo ibilbidea Takolo, Pirritx eta Porrotx hirukotean. Azkenean pailazogintza ogibide bihurtu eta urte mordoa darama irriaren militante lanetan. Belaunaldi batek baino gehiagok egin du barre Porrotxekin. Orain Pirritx, Porrotx eta Marimototsek osatzen dute hirukoa, eta sekulako lantaldea dute atzean. Agirretxek bere baserriko ateak zabaldu dizkigu, sartu nahi?  
4/12/202059 minutes, 44 seconds
Episode Artwork

#23.- Luistxo Fernandez: Ni naiz Spartacus

Luistxo Fernadez (Eibar, 1966) Egunkariaren sortzaileetako bat da. Kazetaria. Baina teknologiaren oihanera salto egin zuen, haren lilurak erakarrita, lagun batzuekin batera Codesyntax sortu zuenean. Ozpina da, garratza, eta era berean sinpatikoa eta jatorra. Hori bai ez espero zurikeriarik haren partetik. ‘Etxepare Porno. zibernetika euskaratzeko metodoa’ liburua idatzi zuen 1998ean, eta Sustatu.eus 2001ean, baina euri gehiegi egin du ordutik. Orain Egunean Behin plataforma ospetsuaren arduradunetako bat da. Snookerraz, ADN mitokondrialaz eta internetez hitz egin dugu, besteak beste. Bere etxeko ateak zabaldu dizkigu.  
4/10/202057 minutes, 44 seconds
Episode Artwork

#22.- Beñat Sarasola: Liburu bakoitzak du bere lekua

Beñat Sarasola 1984an jaio zen Donostian.  Nekez topa zezakeen NAN txartelean zizelkatzeko urte aproposagorik.  Literaturak apasionatu izan du gazte gaztetatik eta, idazlea izateaz gainera, kritikaria eta unibertsitateko irakaslea ere bada. Poesiatik eleberriaren generora egin du salto 'Deklaratzekorik ez' (Susa, 2019) lan ederrarekin. Bere etxeko apalategietan nekez topatuko duzu tartetxo bat, aitzitik, liburu bakoitzak du bere lekua. Harkaitz Canoren belaontzitik oso gertu bizi da, Egia auzoan, eta berak ere katamaraneko ateak zabaldu dizkigu. Sartu nahi?  
12/15/201953 minutes, 36 seconds
Episode Artwork

#20.- Rafa Rueda: Akorde minor baten ostean

Bizitzaren pentagraman akorde minor baten ostean maiorra etorri liteke. Edo beste minor bat gehiago, agian. Rafa Ruedak (Mungia, 1972) ondotxo daki hori, urte ugari bait daramatza musikaren oihanean bizitzen. Abeslaria, ekoizlea, eta Euskal Herriko gitarrista finenetako bat da mungiarra. PiLT metal talde ospetsua sortu zuen 1992an eta bakarka diskografia oparoa osatu du azken hamarkadetan. Ez da saski bakarreko sagarra, eta hainbat musika estilo landu ditu; besteak beste, metala, folka, popa edo elektronika, baina, berak ez du sailkapenen neurrietan sartzea gustuko. Orain Mungiako bere etxeko sotoan eraiki du estudioa. Bertan igarotzen ditu orduak musika egiten, doinuekin eta testurekin jolasean. Etxeko ateak zabaldu dizkigu, sartu nahi duzu?
11/17/20191 hour, 4 minutes, 24 seconds
Episode Artwork

#19.- Itziar Ituño: Bizitzan errebeldea, fikzioan polizia

Itziar Ituño aktorea da. Goenkalen egiten zuen Nekane Beitia ertzainaren papera zela eta ezagutu zuen Euskal Herriak, eta orain 'La Casa de Papel' telesail arrakastatsuko Raquel Murillo poliziaren azalean jarri delako egin da famatua mundu osoan. Egunetik gauera milaka eta milaka zale batu ditu Instagramen 2,4 milioi jarraitzaile izatera (2019ko azaroa) iritsi arte. "Influencer"a izanagatik ere zenbait lan galdu ditu, espainiar ultra eskuinak bultzatutako boikot kanpainak direla medio. Polemikoaren etiketa jarri diote, baina, horrek Netflix etxeari bost axola. La Casa de Papelen 4. denboraldia iragarri dute jada, eta Murillo inspektoreak pisuzko papera izaten segiko du bertan. 'Hil Kanpaiak' Imanol Rayoren pelikulan parte hartu du Eneko Sagardoy aktorearekin batera. Deskantso egunak dituen arren, bere etxeko ateak zabaldu dizkigu, sartu nahi?
11/10/201949 minutes, 27 seconds
Episode Artwork

#21.- Arantxa Iturbe: Irratia da bere etxea

Euskadi Irratiko uhinetan entzuten da Arantxa Iturberen (Alegia, 1964) ahotsa 80ko hamarkadatik. Bere etxera gonbidatuko gaituen galdetu eta erantzun digu erredakzioa dela bere habia. Iturbek dio, mikrofono, estudio eta bulego arteko leku hori duela etxetzat aspaldidanik. Kultura maite du eta berau egin du ogibide, irratian eta idazle gisa. Entzule fina da, galderak egiten dituenak entzuten ere jakin behar baitu. 'Arratsean' saioa amaitzen den azken segundoan den dena bere lekuan dagoela sentitzea, orgasmoaren parekoa dela aitortu digu Alegitarrak. Hala ote?
11/9/201950 minutes, 55 seconds
Episode Artwork

#17.- Izaro Andrés: Limoiari kosk!

Azken denboran gehien nabarmendu den euskal abeslaria da Izaro Andrés (Mallabia, 1993). Bizkaitarra izanagatik ere Donostian bota ditu erroak, eta maite ditu hiriburuko izkinak eta ezkutalekuak. Bere etxeko ateak zabaldu dizkigun egunean Franco diktadorea zulotik atera dute eta El País egunkariak argitaratu du 'Invierno a la vista' 2020ko urtarrilean kaleratuko duen 'Limones en invierno' diskoaren siglea. Abesti egilea izateaz gainera enpresa bat ere sortu du, eta musika ogibide bihurtzea lortu du Mallabiarrak. Etxeko saloian, limoien artean, hasi dugu solasaldia.     
11/3/201954 minutes, 5 seconds
Episode Artwork

#18.- Joserra Senperena: Doinuen alfabetoaz idazten du

Seat 600 baten tamainako pianoa dauka egongelan aparkatuta. Beti afinatuta, bada ezpada ere. Gros auzoan daukan etxea musika eginaz ordaindu du, eta maite du ofizioa. 'Existentzia minorrak' bakarkako diskoaren aurkezpen lanetan dabil orain, Victoria Eugenia Klubean goiz bakar batean grabatutako piano piezekin osatutako disko luzea. Baina bakarka aritzeaz gainera, beste musikarien laguntzaile gisa ere ibili izan da; tartean, Bide Ertzean, Fito y los Fitipaldis, Duncan Dhu edo Sabinarekin. Ezagutu du estadio betearen oihartzunak eragiten duen oilo ipurdia, eta baita jazz clubaren zurrumurru ixila ere. Euskal Herrian gutxi dira musikaren mundua berak bezain sakon ezagutzen dutenak. Etxeko ateak zabaldu dizkigu.  
11/3/201944 minutes, 2 seconds
Episode Artwork

#16.- Juanan Larrañaga: Bizitza futbolari emana

Futbolari baten handitasuna ez da neurtzen etxeko atarian duen autoaren zaldietan. Ezta etxearen kalibrean ere. Juanan Larrañaga (1958, Loiola, Azpeitia) da honen adibide. Errealarekin kopa bat eta bi liga irabazi zituen, besteak beste, azpeitiarrak. Futbol zaharraren eta berriaren arteko zubitik igaro zen, Atotxa mitikoa eraitsi eta Anoeta estreinatuz 93-94 denboraldian. Hain zuzen ere, botak eskegi zituen urte berean. Gerora EiTBn esatari lanetan aritzeaz gain, entrenatzaile eta zuzendari teknikoa ere izan da hainbat taldetan. Astigarragako Mundarro taldean dabil orain. Bere etxeko atea igaro, eta korridoretik egongelara egin dugu bidea. Bertan egingo dugu solasaldia.    
10/20/201950 minutes, 41 seconds
Episode Artwork

#15.- Josebe Blanco: Pikunietako artzaina

Pikunieta baserria pinudiek inguratutako larre batean paratzen da, itsaso mailatik 500 metrora-edo. Gertuen dagoen herria 7,5 kilometrora dago eta hego haizeak zakar jotzen du udazkenean. Bertan bizi da Josebe Blanco artzaina. Duela bost urte utzi zuen irakaskuntza artaldearen eta etxaldeko lanen kargu egiteko. Eta oso zoriontsu da. Bere ukuiluko ateak zabaldu dizkigu eta bertan egin dugu solasaldia. Garoz egindako ohatzean.
10/13/201950 minutes, 12 seconds
Episode Artwork

#14.- Mikel Urdangarin: Margolariaren semea

Barruan Gaude-ren Bigarren denboraldia hasteko, azken hiru urteetan oso gertuko izan dudan lagun baten habira sartuko gara. Zornotzako Santa Maria parrokiaren parean dagoen haurtzaroko etxean jarri du hitzordua Mikel Urdangarinek. Mutsumi Aragaki Okinawar musikaria du alboan, Sanshina (ekialde urruneko banjo moduko bat) lepoan hartuta, Zornozatzarrarekin doinuak trukatzeko asmoz. Musika ogibide egiteko erabakia duela 22 urte inguru hartu zuen Urdangarinek eta ordutik hamaika disko kaleratu du. Abesti egilea da, songwriterra, eta idatzi dituen kantu asko hilezkorrak dira dagoeneko. Bazkaldu eta mikrofonoen aurrean jarri gara.
10/6/201956 minutes, 16 seconds
Episode Artwork

#13.- Harkaitz Cano: Idazlearen belauntzian, haizeak nondik jo

Egia auzoan, igogailurik iristen ez den zortzigarren pisu batean du habia Harkaitz Canok (Lasarte, 1975). Saizarbitoriak txabolismoaren Donostia deitu zuen teilatu itsasoaren ertz batean. Eguzkia islatzen du uralita zaharrak, eta argi paregabea sartzen da iluntzean. Sukaldetik bulegora pasatzeko derrigorrez makurtu behar da koskorrekoa hartu nahi ez baduzu behintzat. Bost axola zion horrek Canori atezainaren etxearen erdia erosi zuenean. New Yorketik itzuli berria zen, eta EiTBren fikzioetako gidoien ordainsariarekin lortu zuen etxea erostea. Zenbat aldatu diren gauzak kamarada.    
6/23/20191 hour, 21 minutes, 18 seconds
Episode Artwork

#12.- Mikel Iturria: Ortiz, Chirbes eta oinarrizkora bidaia bat

Oinarrizkora itzulera aldarrikatzen du Mikel Iturriak (Irun, 1968). Donostiako Antiguan bizi da eta "Eibarnauta" elastikoarekin dabil sareetan. Lehenengo euskal blogarien artean da, 'Harrikadak' (Pedradas gaztelaniaz) bitakorarekin. Orain liburu-denda idenpendienteetan bira egiten dabil 'Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista' (Ediciones Akal, 2019)  liburua aurkezten. Bertan kazetari ezagunaren artikuluak bildu ditu. Atea zabaldu ditu eta leihoa itxi dugu hizketan hasi aurretik.    
6/16/201954 minutes, 14 seconds
Episode Artwork

#11.- Fermin Muguruza: Batzutan amodioarekin, bestetan aldiz, gorrotoarekin

Irungo betiko auzoan, Humo tabernatik oso gertu, bere etxeko sukalderaino sartu gara. Fermin Muguruza (Irun, 1963) ikono bat da, musikala, politikoa eta bitala, eta bere 56 urteak beteta, oraindik ere ez du galdu jendea asaldatzeko gaitasuna. Seme alabak ditu gidari eta bidelagun, eta haien bitartez heldu da trapa ezagutu eta ulertzera, eta betiko legez, guztioi aurrea hartzera. Jaialdiz jaialdi, zinemaz zinema dabil munduan zehar 'Black is Beltza' animazio pelikula besapean daramala. Orain Taipei, gero Kuba... Gaur arte egin dugun Barruan Gaude  luzeena duzu honako podcasta. Etiketak:  
6/9/20191 hour, 33 minutes, 28 seconds
Episode Artwork

#10.- Andoni Egaña: Errimatu ezin den bertsolaria

Zarauzko etxeko ganbaran du lantokia Andoni Egañak (Zarautz, 1961). Bertan tabako beltzaren hatsak itsasten du dena; Bertsolari Txapelketa Nagusiko 4 txapelak, hamaika sari eta liburuz betetako apalategiak. Ganbara hartantxe idatzi ditu Berrian argitaratu dituen zutaberik ederrenak. Ez du sakelakorik eta ezta nahi ere. Emaila edo urtean egiten duen 180 plazak dira berarekin harremanetan jartzeko modurik zuzenena.  Bapatean, 10-8 silabako neurrian hasi dugu berbaldia.    
6/2/201938 minutes, 30 seconds
Episode Artwork

#09.- Eneko Sagardoy: Pantailan handia, aurrez aurre erraldoia

Bilbon bizitzen 2 hilabete baino ez daramatza Eneko Sagardoy-k (Durango, 1994) elkarrizketa hau egin diogunean. HBO ekoizten ari den 'Patria' telesailak ekarri du Madrildik Euskal Herrira. Fernando Arambururen eleberria egongelako mahai gainean du, beste hainbat irakurgairekin batera, eta lanpetuta bizi da azken aldian. Ez da gutxiagorako, izan ere, 'Handia' filma egin eta Goya saria irabazi ostean modako aktorea bihurtu da. Telesailak eta pelikulak ikustea bere lanaren zati da, bertako giro eta keinuak arretaz begiratzea, pertsonaia berrien osagaien bila. Kontuz, pantailan erraldoia badirudi ere, aurrez aurre askoz ere handiagoa da.   
5/26/201950 minutes, 33 seconds
Episode Artwork

#08.- Imanol Agirre Illarramendi: Liburuen dealerra eta oheburuko terapeuta

Garoa liburu-dendak 70eko hamarkadan zabaldu zituen ateak. Flor Illarramendik ez zekien hamarkada askotan Zarauzko arnasgune izango zena zabaltzera zihoala, ala agian bai, agian bazekien, ameslarienak soilik egin dezakeen eran. Alzheimer lazgarri bat medio, Imanol eta Eneko Agirre anaiek hartu zuten Trinitate kaleko denda, eta amaren bertuteak berenak eginda eraman dute gaur den erreferentziazko kultur gunea izatera. Imanol Agirre semeak zabaldu dizkigu etxeko ateak, Garoa-koak alegia. Sartu nahi?
5/19/201930 minutes, 3 seconds
Episode Artwork

#07.- Begoña Del Teso: Banpiroak, Morante de la Puebla basurdearen hozkada

Donostiako Gros auzoko Gloria kalean bizi da Begoña Del Teso (Donostia, 1955). Zinema kritikaria izateaz gain Diario Vasco egunkarirako egunero elkarrizketa bat egiten du. Dagoeneko 4600 pertsona elkarrizketatu ditu , baina, ez du grabagailurik erabiltzen. Banpiroen zale amorratua da eta zezenketak maite ditu: "Okerrago oraindik, Morante de la Puebla gustatzen zait", dio. Aitzitik, bandera errepublikarra dauka etxeko korridorean eta ezkertiartzat du bere burua. Bere etxean sartzea Tim Burtonen pelikula batera sartzea bezalakoa da. Sartu nahi?  
5/12/201946 minutes, 22 seconds
Episode Artwork

#06.- Iratxe Fresneda: Irudien absolutismoaren aurka

Irudiak, argia eta kontaerak ditu aztergai Iratxe Fresneda (Arrigorriaga, 1974) EHUko irakasleak. Ikus entzunezkoak ikertzen ditu. Lars Von Trier zinemagilearen lanetan agertzen diren emakumeen estereotipoak aztertu zituen bere doktore tesian. Danimarkarrak eraman du, nolabait, iparraldeko herrialdeetan ekoizten diren lanen lorratzera, eta hortik ekarri du Lurralde hotzak (Cold Lands) bere azken zinta. Youtube ez zaio gehiegi interesatzen, eta irudien absolutismoaren aurkako borroka egiten du bere. Etxeko ateak zabaldu dizkigu eta te kikara bat eskaini. Dastatu nahi?
4/30/201951 minutes, 41 seconds
Episode Artwork

#05.- Alain Urrutia: Zuritik beltzerako ortzadarraz margotzen du bizitza

Berlin hiri berreraiki bat da. Bigarren mundu gerrako arrakalak eta zauriak ikusi eta ukitu daitezke oraindik bertan. Haietako batean egin du habia Alain Urrutiak (Bilbo 1981). Euskal arte eszenan distira gehien egiten duen argietako bat da bera. Londresetik Berlinera mugitu du estudioa, eta Espainiar Estatuko bi galerista ezagunekin dabil lanean. Urtero doa Madrilgo ARCO arte azokara. Zuritik beltzerako ortzadarraren bitartez kontatzen du mundua, zuriz eta beltzez janzten da, zuri eta beltzez bizi. Schonhauser Allen duen etxeko ateak zabaldu dizkigu. Sartu nahi duzu?      
4/28/201954 minutes, 11 seconds
Episode Artwork

#04.- Miren Arzalluz: Modaren hiriburuan enbaxadore

Pariseko Palais Galliera modaren museoko zuzendaria da Miren Arzalluz. Historia ikasi zuen lehenik, nazioarteko politika gero eta azkenik modara bideratu zuen bere ikasketa prozesua. Modak txunditzen du, eta batez ere, janzkerek atzean ezkutatzen dituzten sekretu, kontu eta istorioek. Bere aita Xabier Arzalluz da, Euskal Herriko politikak azken hamarkadetan izan duen ikono garrantzitsuenetarikoa eta nolabait haren itzal handiarekin elkarbizitzen asmatu du Mirenek. Bide oparoa da egin duena, Pariseko txoko batera eraman duena. Etxeko ateak parez pare zabaldu dizkigu. Sartu nahi duzu?
4/21/201954 minutes, 45 seconds
Episode Artwork

#03.- Lander Arretxea: Nola sortu youtuber bat alderdi baten enkarguz?

Milenial belaunaldiko gaztea da Lander Arretxea, baina gazte izanagatik ere, hainbat hedabidetan kolaboratu du. Besteak beste, Garoa liburu dendan, Argian eta ZuZeun aritu da kazetari lanak egiten. Orain Berriako 'Ekografiak' zutabea idazten dihardu, astean bitan. Gainera euskal ikus entzunezkoen panoraman azken aldian izan den proiektu freskoenaren sortzaile da Kepa Matxain eta Unai Gaztelumendirekin batera. Hiru Damatxo kolektiboak 'Gure Bazka' seriearekin aurkeztu zuen beren burua eta gerora "Super Txope" youtuberra sortu zuten, Sortu alderdiaren enkarguz. Ordutik ez dira gelditu. Bartzelonako Born auzoko bere etxeko ateak zabaldu dizkigu. Beste bi lagunekin konpartitzen du habia, baina, haiek ez daude etxean. 
4/14/201941 minutes, 51 seconds
Episode Artwork

#02.- Ilaski Serrano: Euskal musikarien bidaia laguna

Herri txikia du ihesbide. Gotorleku batzuetan, lasaitasun urmael bestetan. Eta hiria du lantoki, gozagarri. Bizitza osoa sinisten duen horretan lanean darama Ilaski Serranok, eta 90. hamarkadan musikari eta banda askoren hasieretan parte hartu zuen. Euskadi Gaztean lehenik, eta ETB1ean gero. Bere etxeko maratilan giltza sartu eta atea zabaldu digu.
4/7/201940 minutes, 22 seconds
Episode Artwork

#01.- Felix Arkarazo: ''Vegeta'' da San Mameseko esataria

Bikoiztaile ezaguna da Felix Arkarazo eta txikitako marrazki bizidun askotako pertsonaiek beren ahotsetik hitz egin izan dute. Askok Goenkaleko ertzain buru bezala ezagutu zuten, aktorea ere bada eta. Athletiken golak ozen iragartzen ditu San Mamesen. Bera da 'Barruan Gaude' saioko lehen protagonista. Bilboko etxeko ateak zabaldu dizkigu. Bere etxean sartu nahi duzu?    
4/1/201929 minutes, 52 seconds
Episode Artwork

#00.- Pilotua. Izaskun Perez: Zer demontre da podcast bat?

Honakoa da Barruan Gaude-ren  0.kapitulua. Zer demontre da podcast bat? Eta zergatik sartu gara halako abenturan? Izaskun Pérez kazetaria da eta Podium Podcast, Prisa komunikazio taldeak sortutako plataformaren sortze prozesuan parte hartu zuen. Cadena Ser irratian urteak igaro ostean orain podcasten munduan dabil buru belarri. Berarekin hitz egin dugu.  Eta gainera: Hemendik aurrera astero astero entzun ahal izango duzu Barruan Gaude saioa, Oier Aranzabalekin.  
4/1/20198 minutes, 34 seconds